"Txirritarena bezalako eskubide urraketak behingoz ofizialki aitortzea beharrezkoa da etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko"

Tolosan Antolatutako ekitaldian Euskal Herriko insitituzioei zuzendu gatzaizkie, adierazteko urratsak ematea beharrezkoa dela, ofizialki aitortzeko Txirrita Estatuaren biolentziak hil zuela, horretarako nahikoa froga daudelako.

Eneko Etxeberriak ekitaldian egindako hitzartzea:

Datorren astean 45 urte beteko dira Bernardo Bidaola Atxega “Txirrita” tolosarra Sara eta Etxalar arteko mugan desagertu eta hainbat egunetara han bertan hilik agertu zenetik.

Garaian poliziaren bertsioak Txirritak buruan tiroa jota bere buruaz beste egin zuela aditzera eman bazuen ere, 2018an egindako autopsiak argitara atera zuen ezetz.

45 urte luze pasa dira jada, eta oraindik desagertu eta gorpua agertu arteko egun luze horietan gertatu zenaren egiak ezkutuan dirau. 45 urte luze, eta oraindik inork ez du bere gain inolako erantzukizunik hartu.

Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira azken mende erdian bizi izan dugun gatazka armatuaren ondorioz, pertsona gehiegi. Gure geografian mota askotako indarkeriak elkarbizi izan dira, min eta sufrimendu handia sorrarazi dutenak.

Zorionez, indarkeriaren biktima batzuek zegokien aitortza jaso dute dagoeneko. Aldiz, ez da horrelakorik egon Estatu aparatuek praktikara eramandako indarkeriek kaltetutakoentzat.

Gaurkoan Txirrita dugu gogoan Tolosako Euskal Pizkunde plaza honetan, bera bizi izan zen auzoan bertan. Baina, tamalez, ehundaka dira, Txirritaren moduan, Estatuak baliatutako indarkeria anitzen ondorioz bizitza galdu duten pertsonak.

Horregatik, beste ezeren gainetik, aldarrikatu nahi dugu ezinezkoa dela etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzea heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek aintzat hartzen ez baditugu, aitortzen eta erreparatzen ez baditugu.

Beharrezkoa da ez ahaztea herri honetan gertatu dena, gatazka politiko baten testuinguruan urratu diren eskubide guztiak, inoiz gertatu behar ez zen hori guztia. Egia argitara ateratzea justizia kontua da.

Txirrita Lizartzan jaio zen, baina hamalau urterekin Tolosara etorri zen bizitzera familiarekin batera, plaza honen ingurura, hain zuzen ere. Pilota, mendia eta bertsoak izan zituen afizio.

1974an Guardia Zibilak sarekada batean atxilotu zuen, soldadutzatik baimenarekin etorrita zegoen artean. Egun gutxira aske utzi zuten, baina laster Gipuzkoatik ihes egin eta Iparraldean babestu behar izan zuen bere burua berriro atxilotu ez zezaten.

1976ko apirilaren 24an Guardia Zibilak Txirrita eta beste hiru militante Etxalar inguruan topatu zituen, muga zeharkatzera zihoaztenean. Bik ihes egitea lortu zuten. Beste bi, berriz, Txirrita tarteko, zauritu eta atxilotu egin zituzten.

Iturri ofizialek, hala ere, pertsona bakar baten atxiloketaren berri eman zuten. Ez zegoen, hortaz, Txirritaren berririk.

Ia hilabete beranduago, maiatzaren 28an, Txirritaren gorpua aurkitu zuten Etxalarren bertan, aurretik sarritan miatutako inguru berean. Polizien esanetan Txirritak bere buruaz beste egin zuen bere buruari tiroa jota, baina 2018an egindako autopsiak frogatu zuen ezetz: bala-zulo bakarra zuen gorpuak orpoan, ezin zelarik hori heriotzaren erantzule izan. Horrez gain, mediku forentseak heriotza hilabete lehenago gertatu zenaren adierazleak ere topatu zituen gorpuan.

Hortaz, zer gertatu zen Txirritarekin? Modu extraofizialean atxilotu zuten? Horrela izan bazen, zenbat denbora pasa zuen Guardia Zibilaren eskuetan? Non eduki zuten hilda agertu zen bitarte luze horretan? Nork utzi zuen gorpua leku hartan?

Galdera horiek airean jarraitzen dute 45 urte beranduago. Eta bada garaia jada benetan zer gertatu zen jakiteko. Giza eskubideen urraketa larriak pairatu dituzten biktimei eta beren senide eta lagunei egia ezagutzeko eskubidea zor diegulako. Baina, ez dezagun ahaztu: eskubide hori euskal gizarte osoarena ere bada. Egia ezagutzea ezinbestekoa baita behin betiko bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko.

Txirritaren heriotza exekuzio extraofizial baten ondorio izan zela pentsarazten diguten frogak hainbat eta hainbat dira. Baina, tamalez, 45 urte luze pasa badira ere, Franco diktadorearen garaiko Sekretu Ofizialen legearen bitartez, egia jakiteko eskubidea ukatzen zaigu.

Gaurkoan, hasteko, salatu nahi dut hori umiliagarria zaigula: umiliagarria da 45 urte beranduago, exekuzio bat estaltzeko eraikitako gezurra ofiziala izatea. Umiliagarria da Batallón Vasco Español edo GALekin izandako harremanagatik kondenatutako zenbait politikarik kartzelan Altsasuko gazteek baino denbora gutxiago pasa izana. Umiliagarria da gure senideak hil zituztenak kondekoratzea eta horiei biziarteko ordainsariak ematea. Umiliagarria da faxisten martxak ikustea, Francori gorazarre egiten dieten diskurtsoak etengabe aditzea, eta hor Espainiako justiziak terrorearen exaltaziorik ikusten ez duela konturatzea.

Honakoa da, bada, bizi garen Estatuko maila demokratikoa. Gu babestu behar gintuen Estatuak urratu ditu gure eskubideak eta egin gaitu biktima. Onartezina da horren aurrean beste alde baterantz begiratzea.

Baina badira zenbait horretan buru-belarri dihardutenak, Estatuaren biolentzia jasan dugunak ekidin nahian. Modu kontzientean, gainera. Biktima inkomodoak baikara zenbaitentzat. Gure existentziak frogatzen baitu hemen gatazka bat izan dela, hainbat biolentzia gurutzatu diren gatazka bat, hain zuzen ere. Eta, batik bat, gure izana onartzeak, urratu dizkiguten eskubideen ardura norbaitek bere gain hartzea exigitzen duelako. Inkomodoa da hori zenbaitentzat, bere burua etikaren eta moralaren jabetzat dutenentzat, hain zuzen ere.

Horregatik, gure mina eragin zuen eta sekula horren onarpenik egin ez duen horri ez zaio inolako eskakizun publikorik egiten. Biktimak kategorizatzen diren bitartean, biolentziak ukatzen, erantzunkizunak kamuflatzen… etika demokratikoaren inguruko eztabaida amaigabe batean gaude murgilduta. Ezer ez aldatzea asmo duen eztabaida batean, hain zuzen ere.

Urteetan sufritu dugun errealitate dramatikoa da horixe: gurean, lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daude. Biktima onak, eta txarrak daude. Egia, aitortza eta iritzi publikoaren atentzio osoa merezi duten biktimak daude. Eta gero gaude gu.

Heldu da garaia honekin amaitzeko.

Ez da nahikoa esatea biolentzia ezberdinetako biktimak badirela; ez da nahikoa biolentzia batzuk bakarrik aitortuko dituzten legeak egitea; ez da nahikoa biktimariorik gabeko biktimak daudela aitortzea.

Bizi izan dugun errealitatea ukatu duten mediku forentseek, epaileek, komunikabideek eta klase politikoak zereginak dituzte. Beharrezkoa da ardura politikoak nork bere gain hartzea, eta hausnartzea zergatik izan den posible, zein testuingurutan izan den posible, Estatu batek horrelako krimenak aurrera eraman ahal izatea.

Horregatik, gaurkoan, dei egiten diogu Estatuari eta berau sostengatzen duten indar politikoei informazioa desklasifikatu dezaten eta behingoz dagozkien ardurak beren gain hartu ditzaten. Eta, horrekin batera, Euskal Herriko insitituzioei ere zuzentzen gatzaizkie, Udalei, Foru Aldundiei, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, behingoz urratsak eman ditzaten eta ofizialki aitortu dezaten Txirrita Estatuaren biolentziak hil zuela, horretarako nahikoa froga egon badaudelako.

Horrela soilik izango da posible euskal jendarte osoak partekatzen duen helbururantz aurrerapausoak ematea: elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza. Hamarkadetan bizitako biolentzia bortitzak eragindako tragediaren memoria izango den horrelakorik berriro errepikatuko ez dela bermatzeko oinarria.

Aurrera goaz, haritzaren sendotasunarekin, egia bide eta askatasuna amets.