"Torturaren ukazioa garaitu dugu; orain, biktimak aitortzeko eta dagokionak erantzukizunak bere gain hartzeko ordua da"

Euskal Herriko torturaren aurkako egunean (otsailak 13) Joxe Arregi gogoratzeko ekitaldia antolatu dugu Zizurkilen, eta "La columna infame" antzezlanaren irakurketa dramatizatua aurkeztuko dugu Bilbon. Ixone Fernandezek eta Enkarni Blancok Bilbon eskainitako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte ekimenak.

Demokrazia ez zen iritsi Francoren heriotzarekin. Estatu frankistaren botereen arazketa faltak, tortura bezalako praktikak, ohikoak eta sistematikoak diktadura garaian, indarrean jarraitzea ahalbidetu zuen.

Tortura nazioarteko hainbat itunek erabat debekatzen dute edozein testuinguru eta egoeratan, besteak beste, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak edo Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak. Giza eskubideen urraketa larria da, eta sistematikoki aplikatzea krimen preskribaezina da.

Dagoeneko 40 urte igaro dira Joxe Arregi otsailaren 13an hil zenetik, poliziak praktikatutako torturen ondorioz. Diktadorea hil eta urte batzuetara gertatu zen heriotza hori, inertzia frankistak, tortura kasu, atxiloketa-zentroetan bere horretan zirautenean.

Arregi ez zen gatazka politikoaren testuinguruan torturen ondorioz hildako lehena izan, baina bai erregimenaren erreformaren eta Espainiako Konstituzioaren sinaduraren osteko lehena. Zoritxarrez, demokrazia deritzon garaian, beste izen batzuk gehitu ziren Joxe Arregirenarekin batera, torturagatik hildakoen zerrenda tetrikoan.

 


Zereginak egiteke

Milaka pertsonak pairatu dugu torturaren gaitza, baina oraindik ez du arduradun batek ere zintzotasun ariketarik egin egindako kaltea aitortuz.

Bide luzea dago egiteko torturaren ondorioen inguruan. Giza eskubideen aurkako aberrazio horren sorburu izan ginenoi egia, aitortza eta ordaina zor zaizkigu. Eta gure eskubideak urratu zituzten pertsona, alderdi eta erakundeek oraindik beren erantzukizunak beren gain hartzeke dituzte.

Gogoan izan behar dugu oso gutxi direla ofizialki aitortutako tortura kasuak: Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako “Euskadiko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuan” dokumentatutako kasuen % 3 baino ez (1960tik 2014ra bitartean).

Torturak Euskal Herrian izan duen eragina argitara ateratzea beharrezkoa da, eta erantzukizun guztiak argitzea, horrenbestetan saihesten diren horiek eta inork bere gain hartu nahi ezi dituenak, hain zuzen ere. Politikariek, epaileek, auzitegi medikuek, poliziek, hedabideek... tortura posible izan zedin jokatu duten papera argitzea beharrezkoa da. Tortura aplikatzerako unean edo horren ondorioz gertatu diren heriotzak argitzea beharrezkoa da, eta baita Estatuaren babesean praktikara eramandako eskubide urraketa horrek belaunaldiz belaunaldi eragin duen trauma ere, inpunitate osoz gauzatu izan dena, estrategia bati jarraiki.

Zoritxarrez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua sarritan kondenatu badu ere tortura salaketak ez ikertzeagatik (dagoeneko 11 alditan), horrek ez du erreakziorik eragiten tortura betikotzeko erantzukizun politikoak dituzten alderdiengan:

  • Edo oso etikoak ez diruditen adierazpenak egiten dituzte, Estatu bat tortura baimentzeagatik kondenatzen duten epaien larritasuna diluitu nahian eta hori moralki onargarria dela iradokiz, giza eskubideak urratzeagatik ezarritako kondenen kopurua Europako batez bestekoan dagoelako.
  • Edo, bestela, eta beste behin, isilik geratzen dira, beste kondena oso larri baten aurrean.

Torturaren ukazioa garaitu dugu; orain, biktimak aitortzeko eta dagokionak erantzukizunak bere gain hartzeko ordua da.

 

Otsailaren 13ko ekimenak

Azken 40 urteotan, otsailaren 13an, Joxe Arregiren hitz haiek, "oso latza izan da”, gogoan izan ditugu, infernu hartatik inoiz itzuli ez ziren pertsona guztiez gain. Euskal Herriko Torturaren Aurkako Egun horretan, zoritxarrez kalbario hori igaro behar izan duten milaka emakume eta gizonak ere oroitu ditugu. Eta hala egingo dugu aurten ere, osasun krisiak zailtasunak eragin baditu ere.



Ekitaldia Zizurkilen otsailaren 13an

Joxe Arregi torturen ondorioz hil zuteneko 40. urteurrenean, Egiari Zor Fundazioak hura oroitzeko ekitaldia egingo du. Bertan, torturaren biktima guztien aitortza eta erreparazioa exigituko ditugu, eta herri honetako erakundeei fenomeno hori bere osotasunean aztertzen jarraitzeko dei egingo diegu.

Ekitaldia Zizurkilgo Joxe Arregi plazan izango da, otsailaren 13an, larunbata, eguerdiko 12.00etan.


“La columna infame” antzezlanaren estreinaldia Bilbon otsailaren 13an

Horrez gain, Bilbon, EHUKo Oinarrizko Eskubideak eta Botere Publikoak masterrarekin elkarlanean, "La columna infame" antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo da, 11.00etan gaztelaniaz 12.30ean euskaraz. Hori guztia, EHUko Bizkaia Aretoan, Abandoibarran.