"Premiazkoa da torturen ondorio izan diren heriotzak ikertzea, Mikel Zabalzarena kasu, hil ez ezik desagerrarazi ere egin zutena"

Ixone Fernandezek Egiari Zorrek Donostian antolatu duen lore eskaintzan parte hartu du, Zinemaldian "Non dago Mikel?" Filma estreinatu den egunean

Zoritxarrez, hemen, torturatu egin da

Tortura diktadura frankistaren herentzia maltzurra izan da eta euskal herritarrok etengabe pairatu dugu, edozein izan delarik ere Estatuko gobernuaren kolorea. Diktaduran zehar, trantsizio deitu zioten horretan zehar eta baita demokrazia deritzon honetan ere. 3 milioi eskas biztanleko herri batean, gutxienez 5657 tortura kasu egiaztatu dira.

Ezin esan horiek kasu solteak izan direnik. Datuek aditzera ematen duten errealitatea zehatza da: tortura praktika sistematikoa izan da komisaldegietan, eta behar bezala diseinatutako egitura bat izan du sostengu, torturatzeko, baina baita tortura iraunarazi eta zigorrik gabeko krimen izan zedin ere.

Aztertzekoa da zergatik urratu diren, gutxienez 70 urtetan zehar, giza eskubideak komisaldegietan, inpunitate osoz. Tortura posible izan den egoeraren inguruan hausnartu beharrean gaude. Izan ere, alde batetik, inkomunikazioak eta, bestetik, forentse, epaile, komunikabide eta klase politikoaren jarrerak, inpunitatea ez ezik, tortura bera ere ahalbidetu dute. Hortaz... giza eskubideak urratzearen truke, norbaitek irabazi politikorik jaso al du? Hori da gure buruari egiten diogun galdera.

Torturagatik hildako gizon-emakumeen kasuek ere ez dute inflexio punturik eragin. Heriotza horiek ez dute ezer aldatu eta, are gehiago, ukatu ere egin dira.

Torturaren biktimek egin dituzten salaketa publikoak, heriotzak, gorputz kolpatuen argazkiak... ez dira proba nahikoa izan basakeria horri sinesgarritasuna kendu nahi izan diotenentzat.

Ankerkeria itzelak esan dira: “bere buruari egin zion min”, “polizia demokratikoa da”, “zuzenbide estatuan bizi gara”, “terroristen gidaliburua ari dira jarraitzen”... Horrelakoak etengabe entzun behar izan ditugu. Beste aldera begiratu da hainbat eta hainbatetan. Giza eskubideen urraketa larri horiek justifikatu egin dira.

Torturaren kasuan, biktima da kriminalizatu dena. Biktima da iraindu dena, gezurretan ari zenaren akusazioak entzun behar izan dituena.

Praktika horrek izan duen egiazko eragina argitzeko eta, hortaz, gertatutako guztia ezagutu eta ezagutzera emateko abian jarri diren ekimen guztiak txalotzen ditugu. Egia behingoz jakiteko ordua da. Indarkeria horren jatorria, ardurak... zein izan diren ezagutzeko ordua da.

Euskal Herriko erakundeei deia luzatzen diegu, jarraipena eman diezaieten berandu baino lehen torturak Euskal Herrian izan dituen ondorioen inguruko ikerketa prozesuei. Eskubide urraketa larri hori bere osotasunean aztertu behar da: urraketak, heriotzak, torturapean egindako autoinkulpazioak, etab.

Neurri zehatzak hartzea exigitzen diegu, bortizkeria horren biktima izan garelako: egia, aitortza, erreparazioa eta berriro errepikatuko ez denaren bermeak behar ditugu.

Ezinbestekoa da torturen ondorio izan diren heriotzak argitzeko ikerketak abian jartzea, Mikel Zabalzarena, esaterako. Izan ere, hil ez ezik, desagerrarazi ere egin zuten, delituaren frogak ezabatzen saiatzeko.

Beharrezkoa da loturak ikertzea, politikoak, polizialak, mediku forentseenak, judizialak eta mediatikoak, tortura tresna legitimo bihurtu zutenak eta egitura kriminal bat eraiki eta mantentdu zutenak.

Hortaz, badira egiteke dauden zereginak. Esaterako, egun oraindik bizirik dirauen hipokrisia politikoarekin amaitzea, horrek ezerezean uzten baititu demokrazia, zoru etikoa, iraganaren berrikuspen kritikoa edo biktimen eskubideak aldarrikatuaz ahoa betetzen dutenen diskurtso guztiak.

Tortura praktikatu izana kondenatzen duten diskurtsoak edukirik gabe geratzen dira ordezkari politiko eta instituzionalek aitzakiak bilatzen dituztenean, botere publikoetatik giza eskubideak urratzeko erabakia hartu izanaren ondoriozko erantzukizun politikoak argitzeko. Izan ere, indarkeria oro arbuiatzea sinesgarria izan dadin, neurgailu bera erabili behar da guztientzat.

Horregatik, beste behin ere, kasuak ikertzen eta argitzen jarraitu beharra dagoela aldarrikatzen dugu, erantzukizun politikoak argitzeko beharra. Egia argitara ateratzea justizia kontua da.

Gai horiei aurre egiteko borondate politikorik eza kultura demokratiko pobre baten egiaztapena besterik ez da. Iraganak espainiar estatuaren eta Euskal Herriaren sinesgarritasun demokratikoa baldintzatzen jarraitu ez dezan, ezinbestekoa da egia, aitortza, erreparazioa eta justizia.

35 urte luze joan dira. Egia jakiteko ordua da, behingoz.