Pasaian Estatuak mendeku gosez hil zituenek aitortza eta erreparazio gabe jarraitzen dute 37 urte beranduago.

Eneko Etxeberriak, “Naparraren” anaiak, gure fundazioaren izenean aldarrikatu du egia argitara ateratzeko, ezer baino lehen, desmuntatu egin behar direla urte luzeetan eskubide urraketak ukatzeko eraikitako gezurrak.

Hitzartze osoa hemen:

Pasa den asteazkenean, martxoaren 24ean, hain zuzen ere, Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna izan da. Egia jakiteko eskubidea giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimez gain, gizarte osoarena ere baden eskubidea da. Gu guztion eskubidea.

Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira azken mende erdian bizi izan dugun konfrontazio armatuaren ondorioz, pertsona gehiegi. Gure geografian mota askotako indarkeriak elkarbizi izan dira, min eta sufrimendu handia sorrarazi dutenak.

Zorionez, indarkeriaren biktima batzuek zegokien aitortza jaso badute ere, ez da horrela izan Estatu aparatuek praktikara eramandako indarkeriak kaltetu dituenen kasuan. Oraindik bide luzea dago egiteke egun bizi dugun diskriminazioa gainditzeko eta behingoz aitortzeko Estatuak sorrarazi duen sufrimendu guztia. Egia osoa argitara ateratzeko.

Gaurkoan, martxoak 27, 1984. urtean Pasaiako sarraskian hil zituzten Pedro Mari Isart «Pelitxo», Rafael Dalas «Txapas», Dionisio Aizpuru «Kurro» eta Jose Mari Izura «Pelu» ditugu gogoan.

Baina, tamalez, haiek ez ziren izan Estatuaren biolentziaren eraginez bizitza galdu zuten bakarrak. Hori ondo baino hobeto dakigu. Estatuak baliatutako biolentziak oso anitzak izan dira. Zuzenean, batzuetan; eta zeharka, besteetan. Eta indarkeria horiek eragin dituzten biktima gehienek ez dute aitortzarik, egiarik, justiziarik edo erreparaziorik jaso.

Orain 37 urte gertatutako hura, oraindik, ez da argitu. Ezkutuan jarraitzen dute sarraskiaren arduradunek. Inork ez du bere gain hartu heriotza horien ardurarik. Inpunitatea, zigorgabetasuna, oraindik ere nagusi da. Eta Pasaian Estatuak mendeku gosez hil zituenek aitortza eta erreparazio gabe jarraitzen dute.

Tamalez, horixe da oraindik bizi dugun errealitatea: Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan gertatu diren hainbat eta hainbat eskubide urraketen ardurak argitzeko, poliziaren testigantzak edo bertsioak zeuden ebidentzien gainetik hartu dira aintzat urte luzeetan, Estatuak baliatu duen indarkeriaren dimentsioa difuminatzeko, ezkutatzeko, kamuflatzeko. Eta, horrela, gatazka politiko baten existentzia ukatzeko.

Hortaz, egia argitara ateratzeko, gure senitartekoak hil, desagerrarazi edo torturatu zituztela aitortzeko, ezer baino lehen, desmuntatu egin behar dira eskubide urraketak ukatzeko eraikitako gezurrak.

Ez da lan makala hori, ordea. Horretarako, beharrezkoak dira:

  • Aitortzarako legeak, jasan dugun eskubide urraketa larriak modu ofizialean aitortu eta erreparatzeko.

  • Memoria politika publikoetan lekua, argi gera dadin Estatuak gatazkaren testuinguruan biolentzia modu sistematikoan eta anitzetan baliatu duela, herritarron eskubideak zaindu beharrean, urratzeko.

  • Ikerketak, biolentzia horrek izan duen benetazko dimentsioa zein izan den argitara ateratzeko.

  • Gure biktimarioek eta horiek babestu zituzten arduradun politikoek dagozkien ardurak beren gain hartzea, eta goresteak eta kondekorazioak kentzea. Horiek umiliatuta sentiarazten gaituztelako.

Etorkizuneko bakea eraikitzeko, ezinbestean, iraganean gertatutakoaren inguruan jardun behar dugu, horrek sorrarazten dituen korapilo guztiekin. Gure determinazioa da lanean gogor jarraitzea egun ezberdintasunak diren horiek topagune bilaka daitezen.

Gu sinetsita gaude hamarkadetan bizitako biolentzia bortitzak eragindako tragediaren memoria dela horrelakorik ez errepikatzeko berme. Ez dezagun gertatu dena ahantzi. Eta berma dezagun behingoz herri honetan giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsona guztiak dagozkien eskubideen jabe direla: egia, aitortza, justizia eta erreparazioa denentzat, diskriminaziorik gabe.