Martxoaren 27an, Pasaiako sarraskiaren 37. urteurrenean, ekitaldia Azpeitian

Martxoaren 27an, 1984. urtean Pasaiako sarraskian hil zituzten Pedro Mari Isart «Pelitxo», Rafael Dalas «Txapas», Dionisio Aizpuru «Kurro» eta Jose Mari Izura «Pelu» izango ditugu gogoan.

Tamalez, 4 horiek ez ziren izan Estatuaren biolentziaren eraginez bizitza galdu zuten bakarrak. Estatuak baliatutako biolentziak oso anitzak izan dira. Zuzenean, batzuetan; eta zeharka, besteetan. Eta indarkeria horiek eragin dituzten biktima gehienek ez dute aitortzarik, egiarik, justiziarik edo erreparaziorik jaso.

Orain 37 urte gertatutako hura, oraindik, ez da argitu. Ezkutuan jarraitzen dute sarraskiaren arduradunek. Inork ez du bere gain hartu heriotza horien ardurarik. Inpunitatea, zigorgabetasuna, oraindik ere nagusi da. Eta Pasaian Estatuak mendeku gosez hil zituenek aitortza eta erreparazio gabe jarraitzen dute.

Tamalez, horixe da oraindik bizi dugun errealitatea: Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan gertatu diren hainbat eta hainbat eskubide urraketen ardurak argitzeko, poliziaren testigantzak edo bertsioak zeuden ebidentzien gainetik hartu dira aintzat urte luzeetan, Estatuak baliatu duen indarkeriaren dimentsioa difuminatzeko, ezkutatzeko, kamuflatzeko. Eta, horrela, gatazka politiko baten existentzia ukatzeko.

Hortaz, egia argitara ateratzeko, gure senitartekoak hil, desagerrarazi edo torturatu zituztela aitortzeko, ezer baino lehen, desmuntatu egin behar dira eskubide urraketak ukatzeko eraikitako gezurrak.

Hona 2021erako prestatu den egitaraua:

  • Martxoak 22 - 27: Erakusketa berria ikusgai Betharram aretoan
  • Martxoak 22, astelehena: lore eskaintza 19:00etan
  • Martxoak 27, larunbata: Ekitaldia, Azoka Plazan (Azpeitia), 18:00etan