Jusapol eta Jucil polizia sindikatuen aurkako epaiketan parte hartu dugu Gasteizen lekuko moduan, Julen Arzuaga lebegiltzarkideari mehatxu egin izanagatik

2019ko apirilaren 4an Eusko Legebiltzarrean motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Legea bozkatu zenean jasandako mehatxu eta irainak medio aurkeztu zuen salaketa EH Bilduko legebiltzarkideak.

Egun hartan, Egiari Zor Fundazioko kideak publiko gisa joan ginen Eusko Legebiltzarrera, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk gonbidatuta, legearen bozketara. Ostean baloratu moduan, guretzat legearen onarpena aurrerapauso garrantzitsu bat izan zen, Estatuaren indarkeriaren biktimen errekonozimendu eta erreparazio osoranzko bidean.

Baina harrituta geratu ginen, ohartu ginenean Legebiltzarreko tribunan gure aurrean eserita zeudenak gure biktimarioen ordezkariak zirela, Talde Popularrak gonbidatuta bertaratu zirenak. Ezin genuen sinetsi egoera hori Eusko Legebiltzarrean gerta zitekeenik. Ez genuen inoiz imajinatuko. Ustekabean egin genuen topo egoera horrekin, eta atsekabe handia eta tentsio emozional handia eragin zizkigun, baita bertatik martxa egin ostean ere.

Egiari Zorren izenean bertaratu ginen pertsonak giza eskubideen urraketa larrien ondorioz bizia galdu zuten pertsonen senideak ginen, eta baita giza eskubideen urraketa oso larriak lehen pertsonan jasandako biktimak ere, Estatuak babestu eta finantzatutako talde terroristen biolentziaren eraginez, eta Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren edo Ertzaintzaren bortxaren eraginez.

Guztiz moralgabea deritzogu egoera hori ahalbidetzeari, guri aldez aurretik jakinarazi gabe, gure biktimarioen ordezkariekin espazioa partekatu nahi ote dugun erabakitzeko aukerarik ere eman gabe. Aurrekaririk gabeko gertakaria izan zen hori, bilkuran onartutako Legeak babestu behar zituen biktimen kalterako.

Hori dela eta, Egiari Zor Fundaziotik gure babesa adierazi nahi diogu Julen Arzuaga legebiltzarkideari eta EH Bilduren talde parlamentarioari, bizi izan genuen egoera larri eta inkomodoaren aurrean aberrazioa salatu izanagatik.

Era berean, adierazi nahi dugu benetan tristea iruditu zitzaigula beste inor ez jarri izana gure lekuan, eta beste inork ez salatu izana etika falta lobby poliziala erabili izanagatik presioa egiteko giza eskubideen urraketak aitortu asmo zituen legearen kontra. Gogoratu dezagun legeek eta erakundeek hamarkada luzeetan ahaztu dituzten biktimez ari garela.

Egia Zor Fundaziotik biktima gisa jasaten dugun diskriminazioaz mintzo garenean ez gara soilik aitortza ofizial ezaz ari. “Bigarren mailako" biktimatzat hartzen gaituztenean jasaten dugun kategorizazio moralaz ere ari gara, egun hartan agerian geratu zen bezala: batzuek guri buruz eta jasan ditugun giza eskubideei buruz dihardutenean neurtzeko erregela bikoitzak erabiltzen dituzte.

Eztabaida hartan bizitakoak gure etsipen-sentimendua indartu baino ez du egiten sektore batzuen artean dagoen hipokrisia politikoaren aurrean, gehiago begiratzen baitiote biktimak kolpatu dituen indarkeriaren jatorriari, jasandako giza eskubideen urraketari baino. Erabat sinetsita gaude biktimek jasandako indarkeriaren jatorria eta biktimarioen zeinua beste bat izan balitz, egoera hori ez zela inoiz gerta zedin onartuko.

Nahikoa da, neurtzeko erregela bikoitzak eta diskriminazioak gainditzeko unea da. Egia, justizia, aitortza eta erreparazioa euskal gatazka politikoaren baitan gertatu diren giza eskubideen urraketa guztientzat.