“Gurutze Iantzi Guardia Zibilaren zaintzapean zegoela hil zenetik 27 urte pasa dira, eta oraindik torturaren biktimentzat egia eta aitortza aldarrikatu beharrean gaude”

Urnietan aldarrikatu dugu komisaldegietan gertatu diren heriotzak ikertu behar direla; poliziak eragindako eskubide urraketak ezkutatzeko bertsio ofizialak desmuntatu behar direla; eta torturak Euskal Herrian izan duen dimentsioa argitzeko azterketa gehiago beharrezkoak direla.

Egiari Zor Fundazioaren izenean Leire Gallastegik hartu du hitza. Honakoa izan da bere hitzartzea:

Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan pertsona asko hil dira azken mende erdian bizi izan dugun konfrontazio armatuaren ondorioz, pertsona gehiegi. Gure geografian mota askotako indarkeriak elkarbizi izan dira, min eta sufrimendu handia sortu dutenak.

Zorionez, indarkeriaren biktima batzuk zegokien aitortza jaso dute. Estatuak baliatutako indarkeriak kaltetutakoek, ordea, ez. Euskal Herriko instituzioetatik urratsak eman dira norabide honetan, baina oraindik bide luzea dago egiteke gatazkaren testuinguruan Estatuaren indarkeriak eragindako sufrimendu osoa aitortua izan dadin; heriotza eta erailketa bakoitzaren inguruko egia osoa jakitera eman dadin.

Poliziaren indarkeriaren biktimez mintzo gara; salbuespenezko espetxe politikak hildakoez, errepide kontroletan hildakoez, eskuin muturraren eta gerra zikinaren erasoetan hildakoez, torturaren edota sakabanaketaren biktimez. Bertsio ofizial zalantzatiek ezkutuan mantentzen dituzten heriotzez ahaztu gabe.

Gurutze 1993ko irailaren 21ean atxilotu zuten, inolako agindu judizialik gabe. Madrilgo Tres Cantoseko komandantziara eraman zuten eta hurrengo egunean jaso zuen familiak bere heriotzaren berri, telegrama bidez.

Bertsio ofizialaren arabera, bihotzekoak jota hil zen, era naturalean. Harekin batera atxilotu zituztenen tortura salaketen eta familiaren auzi medikuaren txostenek, aldiz, bertsio ofizial horren kontrako zantzu ugari eman zituzten. Horregatik esan dezakegu argi eta garbi, Gurutze jasandako torturen ondorioz hil zela.

Gaur 27 urte betetzen dira Gurutze falta dugula. Horrelako egun seinalatu honetan, Urnietako txoko honetatik, Kontxi Igerategi eta Julen Irastorza gogora ekarri nahi ditugu, Gurutzeren ama eta senarra zirenak. Gurutzeren heriotza iluna argitu gabe zegoelarik, egia oraindik argitara atera gabe zegoelarik joan zitzaizkigun. Oholtza honetatik besarkadarik beroena helarazi nahi diegu senitarteko eta lagunei.

Jorratzeke dugun bidea luzea da oraindik, biktima guztiak dagokien eskubideen jabe diren eszenatokira heltzeko: egia, aitortza, justizia, erreparazioa eta horrelakorik errepikatuko ez denaren bermeak aldarrikatzen ditugu.

Gurutze bizirik eraman zuten etxetik, agindu judizialik gabe, eta Guardia zibilaren esku 30 orduz egon ostean hilik itzuli ziguten. Ardurak eskatzera gatoz, egiarekin batera, eta baita Gurutzeren senideei dagozkien eskubideak exijitzera ere.

Hori dela eta, gaurkoan Euskal Herriko erakundeei deia luzatzen diegu, jarraipena eman diezaieten berandu baino lehen torturak Euskal Herrian izan dituen ondorioen inguruko ikerketa prozesuei. Eskubide urraketa larri hori bere osotasunean aztertu behar da. Eta torturaren biktimak ofizialki aitortu behar dira, horretarako martxan jarritako legezko mekanismoak baliatuaz eta behar diren berriak abian jarriaz.

Ezinbestekoa da torturen ondorio izan diren heriotzak argitzeko ikerketak abian jartzea.

Beharrezkoa da loturak ikertzea, politikoak, polizialak, mediku forentseenak, judizialak eta mediatikoak, tortura tresna legitimo bihurtu zutenak eta egitura kriminal bat eraiki eta mantendu zutenak.

Hortaz, badira egiteke dauden zereginak. Esaterako, egun oraindik bizirik dirauen hipokrisia politikoarekin amaitzea, horrek ezerezean uzten baititu demokrazia, zoru etikoa, iraganaren berrikuspen kritikoa edo biktimen eskubideak aldarrikatuaz ahoa betetzen dutenen diskurtso guztiak.

Tortura praktikatu izana kondenatzen duten diskurtsoak edukirik gabe geratzen dira ordezkari politiko eta instituzionalek aitzakiak bilatzen dituztenean, botere publikoetatik giza eskubideak urratzeko erabakia hartu izanaren ondoriozko erantzukizun politikoak argitzeko. Izan ere, indarkeria oro arbuiatzea sinesgarria izan dadin, neurgailu bera erabili behar da guztientzat.

Horregatik, beste behin ere, kasuak ikertzen eta argitzen jarraitu beharra dagoela aldarrikatzen dugu, erantzukizun politikoak argitzeko beharra dagoela. Egia argitara ateratzea justizia kontua da.

Gai horiei aurre egiteko borondate politikorik eza kultura demokratiko pobre baten adierazle besterik ez da. Iraganak espainiar estatuaren eta Euskal Herriaren sinesgarritasun demokratikoa baldintzatzen jarraitu ez dezan, ezinbestekoa da egia, aitortza, erreparazioa eta justizia.

27 urte luze joan dira. Egia jakiteko ordua da, behingoz. Eta dagokienek ardurak beren gain hartzekoa.